Jendetza Arrateko zelaian San Isidro txapelketan

Laugarren aldiz Bihurri eta Peñagarikanok osatutako bikoteak irabazi zuen pasa den asteartean ospatutako San Isidro txapelketan.

Arrateko zelaia topera beteta izan zen, 800-1000 ikusle begira. Bihurri-Peñagarikano bikoteak 3 minutu eta erdi atera zien Azurmendi-Flores bikoteari eta 5 minutu inguru 3. gelditu ziren Senosiain-Zelai bikoteari.

Hasiera batean nahiko parekatua joan zen jokoa, baina hirugarren enborretik aurrera distantzia hartzen hasi ziren Bihurri eta Peñagarikano, ebaki beharreko 8 enborretara iritsi arte. Guztira 22 minutu inguruan bukatu zuen lana bikote honek.

Ikuslegoaren erantzuna oso ona izan zen eta Izeta eta Ostolaza harrijasotzaileen lanaz ere gozatu ahal izan zuten, baita Ana Berasategiren iparraldeko jokoen erakustaldiaz.